1932. urtean Aldundiak eta Donostiako udalak —batak nahiz besteak Ongintza Batzordea osatzen baitzuten— Donostian ospitale berria eraikitzea hitzartu zuten, probintzia osoari zerbitzua eman ziezaion. Proiektuak —aurrekontua 12 milioi pezetakoa zen, eta Manuel Usandizaga doktoreak aholkulari-lanak egin zituen— 600 ohe inguruko ospitalea aurreikusten zuen, funtsean Lyongo Herriot Ospitalean inspiratua. Aukeratutako kokagunea Zorroagako muinoa izan zen, Amara auzoaren hegoaldean. Alderdi horretan bertan dago gaur egun Donostia Ospitalea (inguru horretako hiru ospitaleek bat egin ondoren sortua). Onkologikoa eta Gipuzkoako Poliklinika ere inguru horretan daude.
Eraikitze-lanak hasiak zeuden, baina Gerra Zibila piztearen ondorioz ospitalearen eraikuntza bertan behera geratu zen. Urteak eman zituen bere horretan hormigoizko eskeleto erraldoiak. Ingurune berean Psikiatrikoa eraiki zuen Gipuzkoako Aldundiak 1944. urtean. Bien bitartean hormigoizko erraldoiak bere horretan iraun zuen 50eko hamarkadan zenbait erakundek inguruan ospitaleak eraikitzeko ideia berreskuratu zuten arte. 30eko hamarkadan egindako hasierako proiektuan ez bezala, oraingoan asmoa zenbait osasun-zentro eraikitzea zen. Hala, aurreikusitako tuberkulosoentzako pabiloia Tuberkulosiaren Aurkako Borrokarako Patronatu Nazionalari eman zitzaion, eta hala sortu zen Toraxeko Gaixotasunen Ospitalea.
Bestalde, hasieran Erizainen Eskola izango zena 1957. urtean Ospitale Probintzial gisa erabiltzea erabaki zen, 165 oherekin. Garai hartan bertan, 50eko hamarkadaren erdialdean, Gizarte Aurreikuspeneko Institutu Nazionalak Donostian osasun-zentro berria eraikitzea proposatu zuen. Hala sortu zen Arantzazuko Ama Gaixotasunen Nahitaezko Aseguruaren Ospitalea, hasierako Ospitale Probintzialaren egitura zentralaren gainean eraikia. Zentroa 1960. urteko abuztuan inauguratu zuen garai hartako estatuburuak. 60ko hamarkadan hiru ospitale horiek eraikitzearekin bat, Zorroaga gaina Gipuzkoako ospitale-jardueraren zentro bilakatu zen.